BASERRIA
Baserria landan bakarturik aurki dezakegun etxea da, nekazaritzarako edo abeltzaintzarako lur-sail ez oso handiak dituena, eta basoen ustiapenaz ere arduratzen dena. Baserriak bere inguruan ditu baratzeak, soroak, eta baita belardiak ere. Basoak etxetik urrun egoten dira normalean.
Baserriek itxura ezberdina izan dezakete, baina badituzte ezaugarri komunak: oinplanoa angeluzuzena izaten da, eta ez dute patiorik izaten. Teilatuak bi isurialde ditu, eta aurrealdean teilatu-hegal zabala. Beheko solairua harrizkoa izaten da normalean, eta goiko solairuan zura eta adreilua erabiltzen da. Baserrian bertan gordetzen dira askotan abereak, lanabesak eta uztak.
Badira Euskal Herriaren historian, baserriaren garapena erakusten duten zenbait aldi. Lehenengoan, XIII. mendera artekoan, basogintza eta abeltzaintza ziren nagusi. Nekazaritza hurrengo mendeetan indartuz joan zen. Erdi Aroan, baserritarra maizterra zen, hau da, baserria errentan hartzen zuen. Baserritarrak uztaren zati bat eman behar izaten zion jabeari. Honela, baserritarrak bizitzeko behar zuena lortzen zuen baserritik, eta jabeak errenta ona. XV. mende inguruan errenta zerealetan ordaintzen zen.
Bigarren aldian, XVI. mende inguruan, nekazaritza sendotu zen, garia, garagarra, artatxikia, gaztainak eta sagarrak oinarrizko produktuak zirelarik. Abeltzaintza bigarren mailako jarduera zen, eta mendi-mendian zeuden baserrietan ematen zen bereziki.
Hirugarren aldian aldaketa nabarmen bat gertatu zen, izan ere, Bizkaia eta Gipuzkoan artoa ereiten hasi ziren, garagar, olo eta artatxikiaren ordez. Beraz, lehen behi eta zaldientzat erabiltzen ziren belardietan artoa ereiten hasi ziren, eta ondorioz, oilo eta untxiak bezalako abereak nagusitu ziren. Bestalde, patata XIX. mendean hasi ziren ereiten.
XIX. mendetik aurrera erabat aldatu zen baserria, Bizkaia eta Gipuzkoako industrializazioaren eraginez. Batetik, baserritarrak industrian lan egiten hasi zirelako, eta bestetik, populazioaren gorakada zela eta, baserriko ekoizpena ez zen nahikoa. Gainera, garraioen garapenarekin, zerealak kanpotik ekartzen hasi ziren, eta honek baserrietako ekoizpenaren beherakada ekarri zuen. Kaletarrek zituzten elikagai-beharrak zirela eta, baserritarrak, garai batean eurentzat ekoiztutako produktuak merkaturatzen hasi ziren.
Egoera hau Gipuzkoan eta Bizkaian eman da batez ere. Araban eta Nafarroan, berriz, egoera ezberdina izan da. Lurralde hauetan baserriaren egitura eta antolamendua ezberdina da, eta gainera, oraindik zenbaitentzat oinarrizko jarduera. Iparraldean, berriz, abeltzaintza izan da nagusi, eta nekazaritza etxeko beharrak asetzera mugatu da.