Psst...

Do you want to get language learning tips and resources every week or two? Join our mailing list to receive new ways to improve your language learning in your inbox!

Join the list

Basque Audio Request

felixanta
511 Words / 1 Recordings / 0 Comments

Guraso denen nahia da euren seme-alabak aise molda daitezela eskolan, eta denen kezka da etxean zer jarrera eta jokabide hartu eskolarako joan-etorria xamurrago gerta dakien. Nerea Agirre Mondragon Unibertsitateko irakaslea da, HUHEZI fakultateko Ikaste-Irakaste gunekoa, eta pista batzuk eman dizkigu.

Ahalik eta eduki gehien pilatzeaz arduratzen zen eskola akademizistaren aurrean, egungo eskolaren helburua oinarrizko konpetentziak edo gaitasunak lantzea da. Agirrek konpetentziak giltzekin alderatu ditu: “Garbi eduki behar dugu eskolak bizitzarako oinarrizkoak diren giltzak eskaini beharko lituzkeela. Eskolak aldaketa prozesu batean daude, oraindik bide asko dago egiteko baina konpetentzien norabidean doaz, eta oraindik batzuetan eskolatik ematen den erantzuna ez da guztiz ideala. Gurasoek helburu horretan kokatuta egon behar dute, jakin behar dute hori dela eskolaren funtzioa”. Halako ibaien izenak gaizki idaztea edo zazpiko taula ez menperatzea baino ikuspegi zabalagoa eskatzen du, beraz: “Bizitzarako oinarrizko giltzak dira zoriontsu izateko, ikasten ikasteko, besteekin elkarbizitzeko, inguruarekin harremandu ahal izateko, modu autonomoan funtzionatu ahal izateko gaitasunak, besteak beste”.

“Ez du ikasteko balio”
“Balio al du ikasteko?” galdetu izan zen etxe askotan umeari ikasketak ordaindu edo zuzenean lanera bidali erabakitzeko. Oraindik guraso askoren sakoneko galdera hori da. Agirrek ikasle eredugarriaren irudia desegitea eta aniztasuna ospatzea aldarrikatu du: “Aniztasun handia dago pertsona guztion artean. Pertsona bakoitzak pentsatzeko, ekiteko, sortzeko modu ezberdinak ditugu. Guraso gisa aintzat hartu beharko genuke aniztasun handia dagoela ikaste-estiloetan, ikasteko-gaitasunetan, erritmoetan eta interes nahiz motibazioetan. Positiboena litzateke gure seme-alabak zentzu horretan ahalik eta ongien ezagutzea, pertsona bere osotasunean ikustea, bere gaitasun, jakin-min eta hutsuneekin. Horrela, hortik abiatuta lan egin ahal izango dugu”. Gainera, gaitasunak landu beharrekoak dira: “Oso arriskutsua da gaitasunekiko ikuskera estatikoa izatea. Pentsatzea gaitasunak aldaezinak direla, berezkoak, genetikoak... Momentu, ikaste-testuinguru eta modu aproposak topatuz gero gaitasun horiek garatu ditzakete pertsona denek. Berdin dio zer gaitasun mailaz ari garen; baita gaitasun batean hutsean bagaude ere, garatu daiteke. Eta pausoak denontzat dira berdinak: 0tik 1era garatzen duenak 7tik 8ra garatzen duenaren neurri bereko pausoa ematen du”.

Ahuldadeen aurrean zer
Pertsona denok ditugu landu beharreko alderdiak, eta umeek ere bai. Zer egin ebaluazioetan gordinen zaizkigun puntu horiekin? Agirrek denaren gainetik zer zaindu behar den azpimarratu digu: guraso eta umeen arteko lotura: “Garbi eduki behar dugu testuinguru jakin batean, eskolan, alderdi batzuei lotuta egin den ebaluazioa dela. Horrek ezin du inolaz baldintzatu guraso eta seme-alaben arteko harremana. Guraso eta umeek oso garbi eduki behar dute hori”. Eskolako gaiek etxean tentsioa sortzen al duten aztertu dezake bakoitzak: “Batzuetan nota kontuak ateratzen direnean gure jarrera aldatzen da, gorpuzkera eta ahots tonua, elkarrizketa gelako intimitatetik sukaldeko mahaira eramaten dugu... Gauza izan beharko genuke gai hau naturaltasunez lantzeko, adibidez salako giro lasaian”. Eskolako arazoak erlatibizatzeko estrategia ere proposatu du Agirrek: “Inguruan bilatzea gure seme edo alabarentzat positiboak diren erreferenteak, eta ibilbide akademiko bikaina egin ez dutenak. Askotan helduok ezkutatzen dugun gure ibilbide akademiko hori ere eurekin partekatzea, ikusteko askoz gauza gehiago dagoela bizitzan ibilbide akademiko horrez gain”.
Behin arazoa bere neurrira ekarrita eta arazoei adarretatik eusteko, oso lagungarria da haurrari gabezia horiek gainditzeko berak badituen baliabideak bilatzen laguntzea: “Arreta ez dugu zailtasunetan jarriko, hauei aurre egiteko haurrak dituen trebetasunetan baizik. Abilezia horietatik abiatuz zailtasunak gainditzeko edo hobetzeko estrategiak aukeratzen ikasiko du”.

Recordings

  • Nola indartu seme-alaben ikasketa prozesua - 1 ( recorded by rmari ), North of Spain

    Download Unlock

Comments